XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Momoren ehizak iraun duen bitartean, erabilgarri zeuden ia gure agente guztiak erabili ditugu.

Guztira, jazarkundeak sei ordu, hamahiru minutu eta zortzi segundu iraun zituen.

Tartean, parte hartu zuten agente guztiek, nahitaez, bere izateko arrazoia, denbora aurreratzea alegia, utzi beharra izan zuten.

Galera honi, jazarpenean zehar gure agenteek kontsumitutako denbora gehitu behar zaio.

Bi puntu negatibo hauengatik, zehatz-mehatz kalkulaturiko denbora-galera, hiru mila zazpirehun eta hogeita hamazortzi milioi berrehun eta berrogeita bederatzi mila ehun eta hamalau segundutan gauzatu da.

Jaunok, berau giza bizitza oso bat baino gehiago da.

Uste dut, guretzat honek esan nahi duena azaldu beharrik ez dagoela.

Eten zuen eta gelaren aurreko horman eta konbinazio eta morroilo anitzekin zegoen altzairuzko ate handi batetarantz seinalatu zuen, keinu handiosoz.

-Gure denbora-biltegiak, Jaunok esan zuen, boza goratuz, ez dira agortezinak.

- Jazarpena, behintzat, emankorra izan balitz! Baina, alfer alferrik, alferrikaldutako denbora da.

- Momo neskak ihes egin digu.

Jaunok, moeta honetako arazorik ezin da bigarrenez gertatu.

Neurri honen garestietako ekintzei, nire indar guztiez, egingo diet kontra.

Aurreztu behar dugu, jaunok, ez alferrikaldu.

Horregatik, etorkizunerako egitamu guztiak zentzu honetan egin ditzagun erregutzen dizuet.

- Ez dut gehiagorik esateko. Esker anitz ".

Eseri zen eta ke-hodei dentsoak bota zituen. Xuxurla asaldatuek, gela korritu zuten.

Mahaiaren beste puntan, bigarren hizlari bat altxatu zen eta aurpegi guztiak harengana bihurtu ziren.

- Jaunok esan zuen, gure denborarako aurrezki-kutxaren funtzionamendu osoa guztioi zaigu axola.

- Baina erabat ez beharrezkotzat jotzen dut arazo honegatik urduritu edo katastrofe moduko batetan bihurtzea.

- Gezur handiagorik ez dago.